41 habitat
2020-2022
41 habitatek hortaz hitz egiten du, ezta? 41 habitatez. 41 ekosistemaz, mikroklimaz, espazioz. Gorputza erdigunean jarri dut, Berexi Arten baitan sortu ohi ditudan lan gehienetan bezala. 39 emakume ilustratu ditut, beraien lore, belar, xomorro eta klima aldaketekin. Beste habitat batzuekin lotzen, ekosistema berriak sortzen edo habitat propioa zaintzen.
Errealitate ezberdin eta anitzak bilatu ditut. Emakume bakoitzari izen bat jarri. Eta hauek marrazten nebilenean beraien izana imajinatu dut. Zenbat aldiz egin duen euria beraien baitan, eta zenbatetan hartu dion gorputza belar busti usain gozoak. Zenbat xomorro biziko diren bere barruan, eta zeintzuk desagertu ote diren. Ariketa hau egitea nahiko nuke ikusleak. Gorputza eta izena jarri diet nik emakume hauei, ikusleak hauei begira bizitza bat sortzea nahiko nuke. Imajinazioarekin jolastea. Bakoitzak habitat bakoitzean gertatu dena eta gertatzen ari dena sortzea.
Covid19 garaia baino lehenago sortu zen proiektu hau. 39 habitat azken urtean zehar sortu ditut; lehena, jaio nintzenetik; eta berrogeita batgarrena, batek daki, pertsonaren arabera. Baina konfinamendu egoerak zentzu handiagoa hartu du proiektuak. Bizitza zentroan jartzea, pertsona. Momentu aproposa izan da proiektuak argia ikusteko.
41 habitat proiektua horrela hasi zen, baina forma ezberdinak hartu ditu denboran zehar. 2020 amaieran erakusketa kolektibo bat antolatu nuen web orri honetan bertan: 41 habitat eta gehiago. Emakume sortzaile ezberdinek kolaboratu zuten habitataren ideiaren bueltako beraien sorkuntzak egiten.


















