Uxue Bereziartua Lonbide (Hernani, 1996)

Ederra da esatea txikitatik amestutako horretan zabiltzala lanean. Betidanik marraztu izan duzula. Etxeko paretetan, eskolaz kanpoko jardueretan marrazketara joaten zinela, unibertsitatean Arte Ederretara. Eta bideak hona ekarri zaituela. Ez duzue hau entzungo nire ahotik.

Haurretan musika eskolara apuntatu ninduten gurasoek, nire lengusuak bertara joaten ikusten nituelako. “Ama nik ere maletatxoarekin joan nahi dut”, nora zihoazen ere jakin gabe. Argazkilaritza gustatu eta hortaz zerbait ikasiko nuelakoan Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduan eman nuen izena. Tartean Milan, eta bertan Arte Garaikidearen inguruko ikasketak.  Eta hona ekarri nau bideak. Artetik artera. Baina ezer gutxi sakonduz. Baina ikasi dut zerbait. Zer ez dudan egin nahi. Eta hortatik, zer gustatzen zaidan. Eta zer egin nahi dudan. Eta zer egiten hasi naizen. Eta honek guztiak ekarri nau hona.